Marijose eta Anderren arteko elkarrizketa
Lehen Hezkuntzako 4. mailako urtea oso urte aberasgarria izan zen niretzat,
urte horretan asko markatu ninduen irakasle bat izan nuelako. Irakasle hau Marijose
Urkiola izan zen, Euskarako irakaslea. Berarekin oso tratu ona izan nuen eta
bere klaseetara oso gustura joaten nintzela gogoan dut. Horregatik, izandako
irakasle bati elkarrizketa bat egin behar geniola jakiterakoan, bera izan zen
bururatu zitzaidan lehenengoa.
Marijosek Ordiziako Urdaneta ikastetxean egiten zuen lan nik bertan ikasten
nuenean, hau da, orain dela 10 urte. Gaur egun, Ataungo Aita Iparragirre herri
eskolan dabil lanean. Berak dioenez, ikastetxe bateko edo beste bateko irakasle
izatea oso ezberdina da, ikastetxeek duten funtzionatzeko modua nahiko desberdina
delako.
Elkarrizketa oso entretenigarria egin zitzaidan. Oso lasai egon ginen biak,
nahiz eta ni hasieran urduritasun puntu batekin egon, elkarrizketa nola joango
zen beldurrez nintzelako. Bere irakasle bizitzan zehar gertatutako hainbat
esperientzia eta anekdota kontatu zizkidan, horietako batzuk inoiz imajinatuko
ez nituenak. Oso aberasgarria izan zen elkarrizketa, bai nire irakasle
ikasketan baliagarria izango zaidalako eta baita eguneroko bizitzan ere oso
ohikoak diren egoerei nola aurre egin azaldu zidalako.
Elkarrizketan hainbat gairi buruz hitz egin genuen, baina berak behin eta
berriz plazaratzen zuena eta garrantzia gehien hartzen zuena haurren egoera
emozionala zen. Hainbat arlotako irakaslea izana da Marijose, baina bere ustez,
haur batek ezin du lanik egin ez matematika arloan, ez gaztelanian, ez euskaran
eta ez beste edozein arlotan, bere egoera emozionala ez badago behar den
moduan. Hau da, ikasle guztiek dute egoera pertsonal ezberdina eta horietako
bakoitza kontutan ez badute hartze irakasleek, haurrak ez du ezer egingo eta
segun eta nolakoa den bere izateko era, modu batean edo beste batean
kanporatuko ditu behar dituen atentzio emozionalak.
Hitzordutik ateratako balorazioa oso positiboa izan da. Oso gustura egon ginen
biak eta ordu bat inguru elkarrekin egon eta gero, agurtu eta bakoitzak bere
bidearekin jarraitu zuen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina