2014(e)ko urriaren 13(a), astelehena

ESKOLA BARRUKO ETA ESKOLAZ KANPOKO JARDUEREN ARTEKO LOTURA



Gu biok, Unai eta Anartz, kirol arloko monitore gara duela bi urtez geroztik. 4-12 urte bitarteko haurrekin egiten dugu, eskolaz kanpoko hainbat kirol jardueratan: Psikomotrizitatea, igeriketa errekreatiboa, saskibaloia, futbola, multikirola, eta abar.


Norberaren esperientziak, gurasoekin izandako harremanak eta, azkenik, gu bion arteko iritzi-trukaketak izan dira ondorengo planteamendua egitera eraman gaituztenak. Planteamendua bi hitzetan esanda, honako hau da: aipatu ditugun hiru elementuek pentsarazi digute eskolaz kanpoko eta eskola barruko jardueren artean egon beharreko loturaz hausnartu eta sakondu beharra dagoela, horren adibide ugari aurkitu ditugu, baina planteamenduaren norabidea ulertzeko maiz errepikatzen den bat aipatuko dugu: ume batzuk erosoago sentitzen dira eskolaz kanpoko jardueretan eskola barrukoetan baino eta alderantziz.


Eskolaz kanpoko eta eskola barruko jardueren arteko aldeak aztertzen hasi eta, behar bezalako azterketa batek denbora asko eskatuko lukeen arren, batzuk argi eta garbi daudela dirudi: haurren ardura maila desberdina, motibazio desberdina, interesa…


Planteamenduari sendoago eusteko, gaur egungo adibide batzuetara jo dugu. Hala, irakaskuntza pribatuko nahiz publikoko zenbait ikastetxeren webguneak bisitatu ditugu eta honako behin-behineko  ondorio hauetara eraman gaituzte:

1.       Webgune gehienetan ez da eskolaz kanpoko jardueren planteamendu teoriko-pedagogikorik egiten edo, egiten denean, oso gaineko aipamenak egiten dira.

2.       Oro har, eskolaz kanpoko jarduerak isolaturik agertzen dira, hau da, zentro bakoitzaren ikasketa planarekin erlazionatu gabe.


           Horiek guztiek eraman gaituzte gure planteamendua egitera. Azken finean, ikerketa gai posible bat iradokitzen dugu gure esperientziak erakutsita uste dugulako emaitza onak lortuko liratekeela eskolaz kanpoko eta eskola barruko jardueren arteko koordinazioa aztertu eta ondorio praktikoak ateraz gero.


1 iruzkin:

  1. Zuhur ibilita, agian, bide horri segituta lanen bat atera dezakezuela ematen du.

    ErantzunEzabatu